XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hain nengoen harriturik non zer erantzun ere ez nekiela geratu bainintzen.

Neure buruarekin egon nintzen ez ote zebilen nitaz trufatu nahian Parent doktorearekin batera, alegia, aurretik prestaturiko komedia bat bikain antzezten ote zebilen.

Dena den, adi-adi begiratu nion eta zalantza guztiak aldendu zitzaizkidan.

Dardarka zegoen larritasunez, halakoxe mingarria zitzaion pauso hori eman beharra, eta eztarria zotinez gainezka zeukala ohartu nintzen.

Arrunt aberatsa zela banekien eta berriro galdetu nion:

Zer? Zure senarrak ez daukala bost mila libera?

Ea bada, saia zaitez gogoratzen!

Ziur al zaude dirutza hori niri eskatzeko eskatu dizula?

Ezbaian egon zen segundu batzuez, bere oroimenean bilatzeko ahalegin handi bat eginen balu bezala, eta gero erantzun egin zuen:

Bai... bai... ziur nago horretaz.

- Idatzi al dizu?

Ezbaian egon zen berriz ere, gogoetan.

Gogoratze-lan horrek sekulako oinazeak eragiten zizkiola ikusi nuen.

Ez zekien. Bere senarrarentzat bost mila libera eskatu behar zizkidala, horixe besterik ez zekien.

Gezur esatera ausartu zen, beraz.